Datozen urteetan udal-kudeatzaileen jarduna bideratzeko hamar kontu estrategiko
- Sarearen eraginkortasun-mailei eustea, hoditeria berrituz, jarioak berehala antzemateko kanpainei jarraipena emanez eta kontrolatzen ez diren ur bolumenak minimizatuz.
- Hiriko ur-kontsumo nagusien kontrola, karakterizazioa eta segimendua bermatzea. Horretarako honako neurri hauek hartu behar dira: kontagailuak nonahi jarri (batez ere udal-kontsumoetarako, hain zuzen lorategiak ureztatzeko sarean, aho-iturrietan edota iturri apaingarrietan), sektoreetako ur-eskariak aztertuko dituen hiriko ur-kontsumoari buruzko ebaluazio-txostena urtero landu, sektore guztietan adierazgarriak diren instalazioen diagnostikoak egin eta ur-kontsumoari buruzko adierazleen segimendua burutu.
- Udal-erabileretan ur-kontsumoa minimizatzea, iturri apaingarrien egoera hobetuz, kaleak garbitzeko edota berdeguneak ureztatzeko edateko ura erabili beharrean kalitate eskasagokoa erabiltzeko aukera aztertuz, eta erabilera publikorako berdegune berriak ur-kontsumo apalen irizpideekin diseinatzea sustatuz.
- Ura aurrezteko teknologien erabilera sustatzea, Udala eredu bilakatuz. Horrela, eraikin publiko berrietan ura aurrezten duten txorrotak eta komunak jartzea, eraikin zaharretan eraginkorrak ez diren instalazioak poliki-poliki aldatuz joatea, euri-ura jasotzeko biltegiak ipintzea edota igerilekuetan berritzen den ura beste erabilera batzuetarako aprobetxatzea bultzatu behar dira.
- Kostuak berreskuratzeko eta ura aurreztea sustatzeko irizpideak kontuan hartuta tarifak eguneratzea. Horretarako, tarifa-egitura eta uraren prezio-maila egokienak bilatuko dira eta kontsumitzaileak uraren gestio-kostuetara hurbilduko dira.
- Ur-kontsumoa arautzeko ordenantza idazteko lanean aurrera egitea, “Gasteizen uraren kudeaketa eraginkorra burutzeko Ordenantza Erregulatzailea” litzatekeena, alegia.
- Kontsumitzaileek euren kontsumoen eta eraginkortasun-mailaren berri izan dezatela bermatu behar du AMVISAk, fakturaren bidez eta aurreztea sustatzeko etengabeko informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak garatuz.
- Ura erabiltzeko eta kudeatzeko jardunbide egokiak publikoki identifikatzeko eta ezagutarazteko ekimenekin aurrera jarraitzea.
- Uraren kultura berria hedatzeko herritarrentzako partaidetza-guneak sustatzea edota abian jartzea, eta horretarako uraren kudeaketa iraunkorrari buruzko biltzarrak, foroak edo jardunaldiak antolatzea eta udal partaidetza-organoak erabiltzea.
- Berrikuntzaren eta eraginkortasunera bideratutako teknologiaren aldeko apustu sendoa egitea. Ildo horretan beharrezkoa da uraren hiriko zikloaren eta hornikuntza-sareen kudeaketan (jarioen kontrol aktiboa, abonatuen kudeaketa-sistema optimizatuak, sareen modelizazioa, etab.) hobekuntza teknologikoak egiten joatea eta baita ere azterketa teknikoei ekitea, edateko ez den ura beste modu batera aprobetxatzeko azpiegiturak eta etorkizuneko sareak sortzeko helburuarekin.